KAXA HUTSAK, Euskal iheslarien esperientziak ezagutu eta kontatzeko ikus-entzunezko proiektu dokumental bat da. Ibilbide luzeko lana. Sakonean egindako lana. Siluetaren estigma alde batera utzi eta lehenengo pertsonan eraikitako kontakizuna. 2012an hasi eta herrialde eta kontinente ezberdinetan zehar, oraindik ere deserrian bizi den jendearen esperientziak biltzen dituen proiektu dokumentala. Oinarrian bere protagonisten testigantza zuzena duen lana.
Azken hamarkadetan Euskal Herriko independentzia eta sozialismoaren borrokan murgilduta egotearen ondorio zuzenak hiru izan dira: Tortura, kartzela, eta hilerria. Beste ondorio zuzen bat ere izan da, oraindik ere badirauena; Errealitate urrun bat, ezezaguna edota ikusezina: erbestea.
Erbestea kontzeptu bat da, hitz bat; egoera bat, alegia. Paktu isil antzeko bat.
Ez-jakintasuna eta askotan… “hobeto ez jakitea”.
Pertzepzioa edo imajinarioa alde batera utziko dugu eta deserria hitza moldatuz joango gara. Letrak gehituz, formak aldatuz, edukiz betez eta esanahia bera ere eraldatuz joango da.
Moldaketa bakoitzean izen-abizenak dituen pertsona bat agertuko da.
Ehun aldiz moldatuz gero, deserrian bizi diren 100 pertsonen izen-abizenak agertuko dira.
Erbestea kontzeptuak ez du zentzurik IHESLARIA, ERREFUXIATUA, DEPORTATUTA edo eta DESERRIRATUA ez bada existitzen.
Egoera ezezagun horren atzean pertsonak daude.
Ihesera jo duen jendeak bizitza beste nonbait antolatu behar izan du, legez kanpo bizi, estradizioen beldur, bertako eta atzerriko polizien beldur, beste izen batekin edo berezko izenarekin edo…
Zer dakigu horri buruz? Zer dakigu joan zirenei buruz? Nola bizi dira? Non bizi dira?
Galdera horiek eta antzeko beste batzuek egin izanaren ondorio zuzena da KAXA HUTSAK proiektua. Exilioan bizitzea zer den, zein ondorio dakartzan, zeren beldur diren, beldur ote diren, zoriontasunik topatu ote daitekeen edo besterik gabe lana aurkitzerik ba ote duten jakin nahi genuelako hasi ginen euskal iheslarien bizitzetan muturra sartzen. Aro ezberdinak eta ihesa bizitzeko molde ezberdinak lantzen lagunduko diguten iheslariren jarraipena da Kaxa Hutsak.
1985 urtetik deserrian bizi den Joseba Sarrionandia poeta eta idazleak Propostas Para O Definiçao Do Exilio poeman dioen bezala: “Exilioa, armairu batean ezkutatzea da, norbaitek zabalduko duenaren beldurrarekin, baina baita inork, sekula irekiko ez duen beldurrarekin”.
Guk ez dugu armairu horretako ateak irekitzeko intentziorik, baina barrura begiratu nahi dugu, zenbat neurtzen duen jakin, barruan nola bizitzen den, bizitzerik baden galdetu eta besteei, armairua, izan, badela erakutsi. Armairua ireki edo itxita uzteko erabakia beti izango da borroka ezberdinetan murgildurik dagoen jendearena, disidentzia gogorki zigortzen duten estatuena, exiliatuena beraiena eta ihes egin behar izan zuten herrietako biztanleena.
Euskal gatazka politikoaren azken katebegietako bat da deserriarena. Gatazkaren ari mutur zehatz bat ulertzeko ezinbesteko bidaia.
Deserriratutako pertsona bakoitzaren bizipenei behar bezalako tartea eskaintzeko asmoz, pixkanaka sartuko ditugu protagonista hauen istorioak webgunean.
Lagun berri bat sartzen dugun bakoitzean, hurrengo jarriko dugunaren izena azalduko da, baina ez da erabilgarri izango. Alta eman ohartarazpenak bidaltzeko sortu dugun korreo zerrendan.